XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ur tanta hotzak izugarrizko kalteak Catalunyako hegoa aldean

Gutxienez sei hil, bi desagertu eta milaka milioitako kalteak sortu.

Sei pertsona hilik, bi desagerturik eta milaka milioi pezetatako kalteak sortu ditu Catalunyako hegoalde osoa jo duen ur tanta hotzaren ondorengo uholdeak.

Valencia, Alicante eta Baleares irlak ikutu dituen ekaitzak Principat aldera joko duela, eta datozen hemezortzi orduetan euri arriskua mantenduko dela jakin erazi zuen bertako zentro metereologikoak.

Balearesetako lehendakaria den Cañellasek berriz, alderdiek irletan hauteskunde kanpainan gastatu behar zuten dirua kaltetuei eskeintzea proposatu zuen atzo, eta bertan sortutako kalteak eta kaltetuak bisitatzeko bertara azaldu ziren Estatu espainoleko Sofia erregina eta Kongresoko lehendakaria den Felix Pons.

Balearesetan, kalte materialak 30.000 milioi pezetatakoak izan daitezkeela aditzera eman dute enpresen iturriek, nekazaritza, industria eta garraio azpiegituretan kalte haundiak izan bait dira.

Valencian berriz, ejerzitoa alerta gorrian dago, eta zenbait herri desalojatu behar izan dituzte uholdeen arriskua ikusirik.

Bestalde, nekazaritzan izan diren sarraskiak ikusi ondoren, Valenciako Gobernuak bere herrialdeko hainbat zonaldeei gune katastrofiko ezaugarria eman diezaioten eskatuko du.

Uholdeen ondorioz, Julio Iglesiasek Luis Casanovan eman behar zuen errezitala atzeratu behar izan dute antolatzaileek, eta 1.000 soldadu Orihuela, Mazarron eta Albujonera abiatu dira herritarrak laguntzeko asmoz.

Murcian ere kalte haundiak sortu ditu ur tanta hotzak, bertan pertsona bat hilik eta bi desagerturik izan bait dira.

Kalte materialei dagokienez, lehen balorapen baten ondoren, 8.500 miliotako zifra aurreratu da.